4. Biztanleriaren zahartzearen ondorioak familiei laguntzeko politika publikoei lotuta
Biztanleriaren zahartze horrek ondorio bikoitza dauka familiei laguntzeko politika publikoen diseinuan, adinekoek eginkizun bikoitza daukaten heinean, alde batetik baliabideak jasotzen dituztelako (mendetasunaren arloan, adibidez), eta bestetik –eta bateratzea hain zaila den une batean– haurrak era ez formalean zaintzeko baliabide bat direlako.
Beraz, garrantzitsua da adinekoak familiaren arloko politika publikoek aurre egin behar dieten desafioei buruzko erreferentzia-puntua (jasotzaile gisa) baino ez direla ez pentsatzea; aitzitik, sare ez formaleko hornitzailetzat ere jo behar dira. Horrek bilobak zaintzeari buruz gaur egun Europan dagoen eztabaida (Eurochild, 2013) eragin du: familia-harreman osasuntsu bat sustatu behar da, eta aitona-amonen zaintzeko rolak ez du familiei laguntzeko politika eraginkorren diseinuan dagoen erantzukizun publikoa saihesteko biderik eman behar.
Egoera horri dagokionez, zeintzuk dira jaiotza-tasa baxuagatiko biztanleriaren zahartze horren ondorioak? Zer eragin dauka familiei arreta emateko politiken iraunkortasunean?
Gaur egun, Europako gizarteak zahartze-osagai altu bat dauka dagoeneko, baina, hurrengo urteetan, hein handiago edo txikiago batean mendekoak diren adinekoen bolumena pixkanaka handitu egingo da.
(10. taula) . 65 urte baino gehiago dituen eta mendetasun-graduren bat daukan biztanleriaren ehunekoa
2010 | 2030 | 2040 | |
Frantzia | % 25,81 | % 39,02 | % 45,20 |
Alemania | % 31,17 | % 46,23 | % 59,08 |
Erresuma Batua | % 24,72 | % 33,23 | % 42,14 |
Danimarka | % 24,98 | % 37,85 | % 42,66 |
Espainia | % 24,43 | % 34,32 | % 59,07 |
Italia | % 30,99 | % 42,45 | % 59,32 |
Herbehereak | % 22,82 | % 40,00 | % 47,18 |
Iturria: Kamette, F. (2011).
Esate baterako, gaur egun, Europan, 65 urte baino gehiago dituzten eta mendetasunen bat daukaten pertsonen batez bestekoa %23 baino altuagoa izan ohi da (Alemaniak eta Italiak, bestek beste, %30 gainditzen dute). Egoera hori areagotu egingo da eta 2030ean ohikoa izango da %40 baino ehuneko altuagoak egotea (Alemanian, Italian edo Holandan) eta %50 baino altuagoak 2040an (Espainian edo Italian). Horren ondorioz, Europako gobernuek erronka bati aurre egin behar diote, alegia, nola erantzun desafio soziodemografiko eta sozioekonomiko horri, dagoeneko oso garrantzitsua baita eta hurrengo urteetan are nabarmenagoa izango baita, bereziki gaur egun mendekotasunari lotutako politikek duten kostu altua aintzat hartuta eta biztanleriaren piramideak kotizatzeko gaitasunean eta adinean eduki duen murrizketa kontuan izanik.
Adinekoen pixkanakako eta etengabeko hazkunde horrek eta horri erantzuteari lotutako desafioek herrialde eta eskualde batzuek horretan arreta jartzeko izaera soziosanitarioko eredu berritzaileak serioki ikertzea eragin dute (Khan, 2013).
EAEko erakundeek apustu sendo bat egin dute esparru horretan (gastu publikoari eta dauden baliabideei buruzko analisiak geroago erakutsiko duenez): azken urteotan, gizarte zerbitzuen sistema eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzako eta mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioa indartu egin dira. Prestazio ekonomikoen zein zerbitzuen bidez (familia zaintzaileentzako laguntza, laguntza teknikoak eta ingurunearen egokitzapena, eguneko arreta zentroak eta egoitza-arretako zentroak, besteak beste) antolatutako sistema bat da, eta laguntza argi bat izan da familientzat.
“Mendetasunari dagokionez, Euskadiko egoera, oro har, estatukoa baino hobea da”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Alde batetik, mendetasunaren esparruan bizitzaren adin eta eremu guztiak, hala nola hezkuntza, etxebizitza edo enplegua (adibidez, Enpleguko Zentro Berezien bidez), barne hartzen dituen arreta integraleko programa oso bat dago.
Bestetik, mendetasun-egoeran dauden adinekoen esparruan, arreta-sistema hazi egin da: erkidegoko baliabideak asko garatu dira (egoitzetakoak nahiz eguneko arretakoak), oraingoan bai publikoak bai erakunde pribatuek kudeatutakoak (irabazi-asmoa daukatenak eta irabazi-asmorik gabekoak).
Bi ereduak kalitate onekoak dira eta zerbitzuak ematen dituzten langileen ratioak oso altuak dira. Horren ondorioz, gastu publikoa ere oso altua da (adibidez, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako 4.100 plazek, eguneko zentroak eta egoitzak barne hartuta, 118 milioi euro baino gehiagoko gastua ekarri zuten1). Horrek etorkizunean edukiko duen iraunkortasunari buruz hausnarrarazten du, zerga-bilketa murriztu egingo baita eta batez ere biztanleria gero eta zaharragoa eta jaiotza-tasa baxua izango baita.